XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Besterik ezean, batak bestea deitzen genuen eta denok ere hitz bakanetan erantzun.
Ez zen komeni argi motel dantzari hura isiltasunaren jabe ere egitea.
Begiak eramango zizkigun batera eta bestera; ez, horratio, belarriak estaliko isilez.
Hiru lagunak ni baino ere pasatuago zeudela uste dut.
Neretzat hura, bezperakoa egiazkoa zenaren agiri nabarmena zen, batipat; nere lagunentzat, ordea, gehixeago ere bai, antza, ze hirurak ere berriketara aise emanak izaki eta ez bait zitzaien hiru hitz, elkarren ondoko, zentzu betez ateratzen.
- Aizue
- Ea, zer...?
- Argi izpiak koloretan ikusteko ere! Onenean, Erromako zubia agertuko zaigun gauez.
Aduna samurrago jartzen da horrelakoetan eta berak lagundu zidan.
- Goazen probatzera, zer gero...! Hartara mugitu egingo gaitun zertxobait, nik behintzat txanoa motxilan zeukanat eta.
- A, bada, nik ere bai
Baina denak altxatu ezean, ez dun zeru-lurretan ni hemendik aterako nauen espiriturik.
Burua izarapean gordea zuen ezpairik gabe, bere ahotsa ez bait zetorkidan aratz eta garbi; bazuen aurpegian tapakiren bat, bai, gure Edurnetxo gaixoak.
Azkenean, behintzat, Adunak eta bion artean animatu genituen ohetik saltatzera.